XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hasierako harridura kezka bihurtzen hasia da, ni neu ezezaguna izaki, darabildan hizkera ere ez baitzaie ohikoa gertatuko.

Haatik, hizkuntza eskolan izena ematea erabaki dut, bertako euskalkia ikasiz, gure arteko izotzak urtu eta harremanak uztartu asmoz.

Arratsaldeko orduak laburtu nahian, nekeari aurre eginaz inguruko bazterrik galduena ere ezagutzeko parada izan dut.

Begiak, gozamenez loratzen zaizkit naturaren altxor urreztatu honetan.

Eguzkia urrezko maindirean etzatera doanean, zaunka hotsak nire pentsamenduetatik atera eta hankak mugiarazi dizkit.

Bultzaka, korrika bizian, artegira heldu gara zakurraren begi eta hagin zorrotzen mehatxupean.

Gutxienez hamar bat aldiz ahalegindu naiz lurrean etzaten, baina bakarren bat aurreratzen ez zaidanean, besteren batek hura bere tokia dela ihardesten dit.

Azkenean, artegiko leku ilun eta bakartienean amaitu dut, labezomorroen pare.

Eguneko gertakizun eta ongi etorri hotsak abaildurik, betazalak beruna baino astunago ditudala, oharkabean loak atzaparkatu nau ametsik gabeko erreinu zarpailduan.

Goizaldera, eguzkiaren lehen irriarekin batera esnatu naiz.

Inguruak lotan darrai.

Behin nekeak astinduta, egun berriarekin batera, ni ere pozik, indarberritua aurkitzen naiz.

Salto txikika eskolarantz abiatu naiz lehen iladako mahai bat hartu nahian